GEM EAE 2023-2024 txostena
2023-2024 GEM txostenaren arabera, euskal ekintzailetzaren egonkortasuna finkatu eta gizartean duen pertzepzioa hobetu da
Observatorio Vasco del Emprendimiento – Euskal Ekintzailetzaren Behatokiak, EEB-OVEk, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Global Entrepreneurship Monitor (GEM) 2023-2024 Txosten berriaren emaitzak ezagutzera eman ditu. EEB-OVEk ekitaldi bat antolatu du txostenaren ondorio nagusiak aurkezteko, eta euskal ekosistema ekintzailearen egoera eta bilakaera aztertzen duten aurkikuntza nagusiak adierazi dira nazioarteko egoerarekin alderatuta. Global Entrepreneurship Monitor proiektua munduko ekintzailetzari buruzko datuen iturri nagusia da, eta, horri esker, euskal ekintzailetzaren ekosistema nazioarteko ingurunearekin alderatu daiteke. Ekitaldian honako hauek parte hartu dute: Leyre Madariaga andrea, Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitalaren eta Ekintzailetzaren zuzendaria; Unai Andueza jauna, Gipuzkoako Foru Aldundiko Sustapen Ekonomikoko zuzendaria; Ana Fernández Laviada andrea, Ekintzailetzaren Behatokia – GEM Spain Sareko presidentea; eta María Saiz Santos andrea, EEB-OVEko presidentea. Guztien artean Euskadiko ekintzailetzak aurre egin beharreko erronka eta aukerei buruz hitz egin dute. Jardunaldian Euskadiko GEMren 20. urteurrena ere ospatu da, hau da, bi hamarkada Euskadiko ekintzailetzaren eta enpresa-eraldaketaren neurketan eta inpaktuan lanean.
Txostena EEB-OVEko aditu-talde batek osatu du, Deustuko Unibertsitateko, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) eta Mondragon Unibertsitatekoak guztiak. Bertan informazio baliagarria eman nahi da politika publikoen bidez Euskadiko jarduera eta kultura ekintzailea sustatzeko. Ekitaldia Deustuko Unibertsitateko Areto Digitalean izan da, Donostiako campusean.